Ikastetxeetan kamerak jartzeko proposamenak, Etxebarri BHIn kasu, kezka eta ezinegon handia sortu du ikasleen, familien eta hezkuntzako langile batzuen artean. Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatu eta EAJren zein PSEren Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen ekimen hau ez da neurri positibo bat, seguruak, askeak eta konfiantzan oinarritutakoak izan beharko luketen espazioen barruko etengabeko kontrolerako bidean beste urrats bat baizik.
Hezkuntza publikoak premiazko neurriak hartu behar ditu ikasgeletako egoera lehengoratzeko. Hau da behar duguna: ikasgela bakoitzeko ikasle-ratioa murriztu, irakasle zein irakasle ez diren langile gehiago kontratatu, ikastetxe gehiago ireki. Ikastetxeetan milaka psikologo kontratatu behar ditugu, ikasle bakoitzak jarraipen egokia izan dezan, gazteen artean heriotza kausa nagusia suizidioa baita une honetan. Heziketa sexualaren ikasgai inklusiboa ere behar dugu, ebaluagarria eta nahitaezkoa. Berehalako neurri horiek dozenaka mila ikasle eta langileren bizitza hobetuko lukete. Zertan hobetzen dira gure bizitzak kontrol gehiagorekin? Tranpa gehiagorik ez: baliabideak bai, digitalizazioa bai, kontrola ez. Kamerarik ez ikasgeletan.
Jakina, aukeratzeko askatasunaz hitz egiten duten horiek grabazio-sistema bat ezarri nahi dute, kaltetutako pertsonen baimenik gabe. Pribatutasuna funtsezko eskubidea da, batez ere hezkuntza-inguruneetan, non ezagutzak ez ezik balioak ere sortzen baitira, hala nola askatasuna, errespetua eta autonomia pertsonala. Kameren presentziak deserosotasuna, mesfidantza eta hezkuntzaren benetako helburuarekin zerikusirik ez duen kontrola sortzen du.
Neurri horrek beste asmo argi bat ere badu: gure irakasleak hezitzaile ez, baizik eta zaintzaile bihurtzea. Hezkuntza Sailaren logika ikasleok etengabeko zaintza behar dugun kriminalak garela da, eta nork zaindu behar gaitu? Gure irakasleek. Irakatsi? Hezi? Balioak transmititu? Ez horixe, hobe dugu polizia-zaintza gure zentroetan sartzea, kontrolera eta kriminalizaziora ohitu gaitezen. Hau da EAJ-PSEren hezkuntza politika.
Horregatik guztiagatik, Etxebarri BHIn kamera horiek jartzearen aurkako gaitzespen irmoa adierazten dugu. Gardentasuna, parte-hartzea eta errespetua eskatzen dugu gure egunerokotasunari zuzenean eragiten dieten erabakiak hartzean. Hezkuntza konfiantzatik eta baliabideekin eraiki behar da, ez kriminalizaziotik eta kontroletik. Horrela bakarrik bermatu ahal izango da ingurune benetan hezitzailea, gizatiarra eta pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituena.







