Greba eskaria

Ikasle Sindikatuak aktiboki babestu dugu M17ko greba orokorra euskal gehiengo sindikalak iragarri zuenetik, eta ikasle mugimendu osoari dei egiten diogu egun horretan ikasgelak husteko eta kaleak betetzeko, langileekin batera manifestazio bateratuetan parte hartuz.

Greba orokorra 1.500€-ko LGSaren alde borrokatzeko deitua dago, eta euskal patronalaren eta bere ordezkari politikoaren, EAJren, eta bere helburuetan laguntzen dutenen aurkako borroka aktiboko jardunaldi bihurtu behar da. Euskal burgesiak eta bere ordainpeko politikariek betiko prekarietatera eta miseriazko soldatetara kondenatu gaituzte, etxebizitza publiko unibertsalerako sarbidea ukatzen digute eta etxejabe errentisten poltsikoak betetzen dituzte, euskal parlamentuan enpresariek eta beren testaferroek genozidio sionista zuritzen dute, eta Ertzaintza gazteria antifaxista sutan erreprimitzeko jaurtitzen dute.

Martxoaren 3an Gasteizen gertatutako sarraskiaren 50. urteurrena gogoratu eta egun batzuetara izango da M17, indarkeria matxistaren eta kapitalismo patriarkalaren aurkako mobilizazio feminista handien ondoren, eta Trumpek eta Netanyahuk Ekialde Hurbilean piztutako gerra inperialistaren erdian.

Eta azken gertaera horren aurrean ezin gara besoak gurutzatuta geratu. AEBek eta Israelek Iranen kontra egindako erasoak, Gazan egin duten holokausto basatiaren ondoren, milaka pertsona errugaberen bizitzarekin bukatuko du, eta eskualdeko herriei suntsiketa basatia egiteko mehatxua errealitate bat da. Honek ez du zerikusirik demokraziaren eta emakumeen eskubideen defentsarekin. Ez Netanyahuri, ez Trumpi, eskuak palestinar, libanoar edo siriar herriaren odolez zikinduta dauzkatenei, Afganistan eta Irak suntsitu zituztenei, eta mundu osoan diktadura militarrak eta erregimen despotikoak babestu dituztenei, bost axola zaie Irango herria. Nahi duten gauza bakarra petrolioaren kontrola da, merkataritza-ibilbideena, eta mundua haien oinetan jartzea.

Hori lortzeko ehunka mila lagun hiltzea, milioika pobretzea, berrarmatze militarista bat onartzea murrizketa sozial gehiagoren kontura, hori gutxienekoa da. Mendebaldeko kapital handiaren emaitza-kontuak eta mundu-kontrola dira funtsezkoenak.

Horrexegatik, M17ko greba orokorrak gerra inperialistaren aurkako, faxismoaren gorakadaren aurkako eta berau indartzen duten politika guztien aurkako ekintza jardunaldia bihurtu behar da.

Badakigu sistema honen basakeriarekin amaitzea mobilizazio masiboaren, antolakuntza kontzientearen eta alternatiba sozialista kontsekuente baten eskutik baino ezin dela etorri. Langileria greba orokorrera doanean, mundua funtzionarazten dugunak gu garela frogatzen da.

Itxurakeriazko “antifaxismoa”, PSOE eta bere politikak sostengatzen dituzten askok astindu nahi dituena bezala, eskuin muturra geldiarazteko momentuan inpotentea da. Milei, Trump, Abascal, Ayuso, Meloni delakoek argi dute: kapitalisten irabazi-marjina handitzeko oinarrizko eskubide demokratikoak kendu behar dira, legedi autoritarioa ezarri, borrokatzen dutenak kriminalizatu, errepresio poliziala gogortu. Batzuek Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Parlamentuan harro erakusten duten itxurazko antifaxismo hori, gizarte-murrizketei aurre egingo dieten politika antikapitalistak babestu gabe; etxejabe errentadunak desjabetzea defendatzen ez dutenak; milioika zapaltzen gaituzten arazo larriak konpontzeko ekonomiaren funtsezko palankak nazionalizatzearen alde egiten ez dutenak… hitz hutsak bihurtzen dira, erreakzioa geldiarazten ez duen erretorika huts.

Langile klasea historiako beste edozein garaitan baino indartsuagoa da, baina indar hori ideiekin eta gure zapalkuntzaren arduradunei errotik aurre egingo dien ekintza-plan batekin antolatu behar da. Minneapoliseko langileek ICEko indar paramilitarren aurkako greba eta mobilizazioetan egin duten bezala, genozidio sionistaren aurkako mobilizazio internazionalistarekin egin dugun bezala, gure ahizpa eta anaia argentinarrek Mileiko erreforma esklabistaren aurkako klase borroka altxatuz erakutsi duten bezala.

Hego Euskal Herrian M17ko greba orokorrak bultzatzaile izan behar du ofentsiban jarraitzeko, langile mugimenduaren eta gazteriaren indarrak euskal kapitalaren aurka mobilizatzeko, Europako eta munduko kapitalaren aurka, eta anbiguotasunik eta inolako beldurrik gabe eraldaketa sozialistaren alternatiba eraikitzeko. Hau da bidea.

M17an denok greba orokorrera!

Langile eta ikasleak elkarrekin aurrera!

Euskal gehiengo sindikalak deitutako mobilizazio nagusiak 12:30etan:

Bilbo - Eliptika plaza
Donostia - Pio XXII
Gasteiz - Bilbo plaza
Iruña - Gaztelu plaza