Berrogeita hamar urte bete dira polizia faxistak Gasteizen eragindako hilketatik. Dozenaka fabrika eta enpresetako langileek, modu asanblearioan, demokratikoki aukeratutako Batzorde Ordezkarien bidez eta ekintza batasunean grebara deitu zuten 1976ko martxoaren 3an. Egun hartan, hiria erabat geratu zen, erabatekoa izan zen greba. Lan eta soldata duinen aldeko eta diktaduraren errepresioaren aurkako borrokan, emakume eta ikasle gazteek ere bat egin zuten grebarekin.
Mobilizazio hari erantzuteko, Manuel Fraga Iribarne Barne ministro frankistak San Frantzisko elizako asanbladan bilduta zeuden langileen aurka tiro egiteko agindu zuen. Bi mila bala baino gehiago jaurti zituzten: bost hildako eta 150 zauritu eragin zituzten poliziaren tiroek eta emandako jipoiek.
Masakre hark errepresioaren aurkako greba uholdea eragin zuen Euskal Herrian eta Estatu osoan. Ehun mila lagun baino gehiago elkartu ziren hildako langileen aldeko elizkizunean, indar erakustaldi ikaragarria izan zen.
1976ko martxoaren 3ko grebak argi utzi zuen diktadura frankista borrokak eta langileen odolak garaitu zutela, eta eskubide demokratiko eta sozial guztiak mobilizazioaren bidez lortu zirela, ez zirela Francoren edo erregimena mantentzen saiatu ziren politikarien opariak izan.
Berrogeita hamar urte geroago ikus dezakegu 78ko erregimenak ez zituela zigortu Gasteizko bost langile horien hiltzaileak. Amnistia eman zieten diktadura garaiko krimenen arduradunei, polizia torturatzaileei eta milaka borrokalarien kartzela eta heriotza zigorra sinatu zuten epaileei.
Erregimen berriak bere horretan mantendu zuen estatu aparatu frankista eta eskubide demokratikoen zapalkuntzaren kontura urrezko egin zen oligarkiaren botorea.
Bai, berrogeita hamar urte pasatu dira, baina krisiak eta kapitalismoaren gainbeherak bidea erraztu diete ultraeskuinari eta autoritarismoari. Mileik, Trumpek, Ayusok, Abascalek… eskuin muturrak eta faxismoak eraso egin diete gure aurreko belaunaldiek lortutako guztiari. Dianaren erdian jarri dituzte gazteak, emakumeak, pertsona arrazializatu eta migratzaileak, langile klasea bere osotasunean, eskubide demokratikoak. Baina ez diegu utziko historian atzera egiten.
Hori dela eta, martxoaren 3an ikasle greba deitu dugu Araban eta goiz eta arratsalde Gasteizen egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitzen dugu. Martxoaren 3an memoria eta aldarrikapen eguna izango da. Eta mugimendu horrek aurrera jarraitu behar du martxoaren 6ko greba feministarekin, mugimendu feministaren martxoaren 8ko mobilizazio bateratuekin eta Hego Euskal Herriko martxoaren 17ko greba orokorrarekin.
Kaleak beteta lortuko dugu Euskal Herrian ideia atzerakoiek aurrera ez egitea.
Izan zirelako gara. Martxoaren 3an, denok grebara







