Netanyahuk eta Trumpek gerra inperialista hasi dute Iranen eta Libanoren aurka. Dagoeneko milaka pertsona erail, ehunka mila lekualdatu eta osasun zein hezkuntza azpiegitura eta auzo osoak suntsitu dituzte bi herrialde hauetan.

Argi dago honek ez duela zerikusirik ez demokraziarekin ez Irango emakumeen eta herriaren eskubideak defendatzearekin. Gazan egin duten genozidio basatiaren ondoren, Afganistan eta Irak suntsitu ondoren, mundu osoan diktadura militarrak eta erregimen despotikoak babestu ondoren, Washington eta Tel Aviveko inperialistek Ekialde Hurbileko petrolioaren kontrola eskuratu nahi dute, munduko hegemonia lortzeko borrokan eremu geoestrategikoak hartu nahi dituzte, eta Mendebaldeko monopolio eta enpresa armamentistiko handien poltsikoak bete.

Trumpek eta Netanyahuk erabaki dute eskuin muturra nagusi den beren munduan herri bat inbaditu eta sarraskitu daitekeela, eta hori zigorrik gabe gera daitekeela. Eta hori da, hain zuzen ere, PPk eta VOXek babesten dutena, Washingtoneko nagusiaren aurrean arrastaka. Matxismoaren eta arrazakeriaren bandera nazkagarriena egiten duten berberek, Gazako genozidioa txalotu zutenek edo diktadura frankista aldarrikatzen dutenek, ahal balute Trump eta Netanyahu eraikitzen ari diren erregimen totalitario bera ezarriko lukete.

Eraso basati honi aurre egiteko hitzak ez dira nahikoa. Ezta existitzen ez den, eta Gazan egiaztatu dugun bezala iruzur erabatekoa den “nazioarteko legezkotasunari” buruzko ohiko kantinelak ere. Ezer gutxirako balio du EAJren itxurazko antifaxismoak, gero Trumpen plan inperialisten eta armen industriaren aurrean makurtzen direnean. Eta gobernu zentralari esaten diogu: Pedro Sánchezen gobernuak kontsekuente izan nahi badu GERRARI EZetzarekin, NATOtik atera behar du, yankien base militarrei ezetz esan, genozidekin harreman diplomatiko, militar eta ekonomiko guztiak hautsi, eta gure zerbitzu publikoak murriztearen eta pribatizatzearen kontura gastu militarra handitzeari utzi.

Trump eta Netanyahu azken hamarkadetako mehatxu handiena dira gizateriarentzat. Horregatik beragatik, masa-mugimendu antiinperialista eta antifaxista altxatu behar dugu, mobilizazio masiboaren eta greba orokorraren bidez hauei aurre egiteko.

Ikasle Sindikatutik gazte guztiei dei egiten diegu ardatz hauek aldarrikatzen dituzten mobilizazioetan aktiboki parte hartzera, eta Trumpen eta Netanyahuren eraso inperialista argi eta garbi salatzera. Aldi berean, ASANBLADAK eta GERRA INPERIALISTAREN AURKAKO KOMITEAK sortzeko deia egiten dugu institutu eta fakultate guztietan, IKASLE GREBA prestatzeko gerra atzerakoi eta kriminal honen aurka.

Gazteriari dei egiten diogu bultzatzen ari diren mobilizazio guztietan parte hartzera, eta kaleak betetzera, ASKI DA esateko eta gure elkartasun internazionalista guztia adierazteko Irango eta Libanoko herriei, baita inperialismo hiltzailearen biktima guztiei.