Denok harrotasunaren manifestazioetara!

BILBO · 19:30etan · La Casilla

GASTEIZ · 20:30etan · Andra Mari Zuria

Gazako genozidio sionistari ez!

LGTBI pertsonak gure bizitzako esparru guztietan jasaten dugun indarkeria jasanezina da. Erasoek eta diskriminazioak ez dute etenik. Espainiako estatuan, kalkuluen arabera, 280.000 pertsonak erasoak jasan dituzte orientazio edo identitate sexualagatik azken bost urteetan zehar. %27,5 diskriminatua izan da eta %8,6k indarkeria fisikoa edo sexuala jasan du. Horiek eskura ditugun datuak baino ez dira. Onartezina, itogarria eta akigarria da.

Nahiz eta LGTBI eskubideetan aurrerapen nabarmena eman den gizartean, bereziki gazteen artean, Voxen eskuin muturraren eta Alderdi Popularraren diskurtso erreakzionarioak erasoen gorakada hauspotzen ari dira, %34 hazi direlarik. Kalean pairatzen dugun indarkeria izugarria da. Bereziki 2022an, aurreko urteetan baino %70 eraso gehiago erregistratu ziren. Gure ikasgeletan ere egoera benetan latza da: nerabeen %60k bullying LGTBIfobikoa pairatzen dute. Trans komunitateak nozitzen duen indarkeriaren datuak are lazgarriagoak dira.

Faxismoari ez zaio eztabaidatzen, borrokatu egiten da

Eskuin muturrak, urdinak zein berdeak, dozenaka autonomia-erkidegotan eta udaletan agintzen du, gure bizitzak benetako infernu bihurtuz. Instituzioetan, sare sozialetan edo telebistan zabaltzen duten ideologia atzerakoi eta homofoboak, etengabeko jazarpen mediatikoak, gu jopuntuan ezartzea du helburu, sektore erreakzionarioei gu erasotzeko dei eginaz.

Abascalek eta bere lagunek gaixotzat jotzen gaituztenean eta "homosexualitatea eta transexualitatea hedatzen ari delako kezka" predikatzen dutenean; Justizia patriarkalak Hazte Oir elkartearen autobus transfoboaren aurka Sevillan protesta egin zuten ekintzaileei urteetako kartzela zigorra ezartzen dienean; Ayusok konbertsio-terapiak berrezarriko direla agintzen duenean; eskoletan gure eskubideen liburuak debekatzen dituztenean edota bi emakumek elkarri musu emateagatik haurrentzako filmak zentsuratzen dituztenean; "LGTBI doktrinamendua" salatzen dutenean eta Hetero Harrotasuna ospatzeko egun bat eskatzen dutenean… Horrek guztiak helburu argia du: Euren “España, una, grande y libre” ideologia arbuiatzen dugunokin amaitzea, euren roletan eta familia tradizional kapitalistaren ereduan sartzen ez garenokin amaitzea alegia.

Hau da eskuinaren eta eskuin muturraren, sekta katolikoen eta Elizaren hierarkiaren benetako aurpegia. Dianaren erdian jarri gaituzte LGTBI kolektiboa, emakumeak, etorkinak eta, oro har, langile klasea, 40ko hamarkadara atzera egin dezagun, armairura itzul gaitezen, gure sexualitatea beldurrez, lotsaz eta isilpean bizi dezagun, diktadura frankistan hainbat eta hainbat pertsonak sufritu zuten bezala.

Ez dugu onartuko. Ez dugu onartuko beren indarkeria LGTBIfobikoa eta faxista ikasgeletan eta kaleetan hedatzea. LGTBI gazteek, lesbianek, gayek, bisexualek, trans pertsonak.. argi dugu: eskuin muturra geldiarazteko bide bakarra kaleetan borrokatzea da.

Propaganda gutxiago eta justizia sozial gehiago

Erreakzioaren alderdi politikoak, enpresariak eta bankariak, epaileak, apaizak eta gotzainak, gure ageriko etsaiak dira. Eta manifestazio feminista bakoitzean, Harrotasun Kritiko bakoitzean, gure eskubideen aldeko protesta bakoitzean, arlo publikoaren alde borrokatzera ateratzen garenean eta Palestinak jasaten duen genozidio sionistaren aurka manifestatzen garenean... gerra deklaratzen diegu, haiei eta beren sistemari.

Baina urtero gogorarazi behar izaten dugu eskuinak oso lankide fidagarria duela PSOEren baitan, indarkeria LGTBIfobikoa zabaldu dadin. Gobernu "aurrerakoiak" babesa ematen digun itxura egin dezake eta LGTBI arloan "hainbeste aurrerapauso" lortu direla sinestarazten saia daiteke. Baina Trans Legea grinaz erasotzen badute, epai judizial patriarkalak defendatzen baditu, legeak bozkatzean PPrekin bat egiten badu, Emakumeen Institutuaren buruan trasnfobo bat ezartzen badu, protesta soziala eta migratzaileak jipoitzera bidaltzean eta naziak biguntasunez tratatzean... Nahi dutena esango dute, baina politika horiekin ez dira kokatzen LGTBI mugimenduaren alde eta ez da eskuin muturra geldiarazten.

Ez dugu hitz-jario merkerik nahi, ezta ekainaren 28an ostadar ikurrarekin tweet asko egitea ere. Beldurrik gabe eta aske bizi nahi dugu. Eta horretarako, hezkuntza sexual inklusiboa nahi dugu, eta Eskola Publikoan baliabide nahikoak egon daitezela eskola-jazarpenaren aurka borrokatzeko. Estatuaren aparatutik eta Epailetzatik frankistak kanporatzea nahi dugu. Benetako justizia nahi dugu biktimentzat, eta zigor eredugarriak erasotzaileentzat. Etxebizitza izateko eskubidea bermatua, enplegua izateko eskubidea, guztiontzako hezkuntza eta osasun publiko duina nahi dugu. Atzerritarren Legea eta Mozal Legea indargabetzea nahi dugu.

Ez dugu onartuko sistema kapitalista eta patriarkal honek gu zapaltzea. Gure indarra kalean borrokatzean datza. Ez diogu utziko merezi dugun askatasunaren eta duintasunaren alde borrokatzeari.

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu