Unidos Podemosek zentsura mozio bat aurkeztu du. Kanpora PPren gobernu ustela! Greba orokor bat antolatuz irabaziko dugu mozioa!
Apirilaren 27an Pablo Iglesias Podemoseko buruak, Alberto Garzón, Izquierda Unidako koordinatzaileak eta En Comú Podem eta En Mareako parlamentarioek Rajoyren kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuten. Erabaki hori justifikatzen duten argudioak argiak dira: ustelkeriaz leporaino dagoen gobernua eta gizartearen kontra murrizketa eta eraso politika bortitzak aplikatzen dituen gobernua honek ezin du jarraitu. Pablo Iglesiasen hitzetan, “salbuespen egoera demokratikoa dago, arpilatze publiko iraunkorrarekin”. Ezker Iraultzailetik parlamentuko ekimen horri gure babesa ematen diogu, baina ez dela nahikoa azpimarratzen dugu. Mozioari greba orokor batek jarraitu behar lioke; herrialde osoan mobilizazio masiboak antolatuz babestu behar da mozioa. Arrazoiak soberan daude, eta hura lortzeko baldintzak argi daude.