Joan den abenduaren 13an, Ikasle Sindikatua Sarek bultzatutako prentsaurrekoan egon ginen, euskal presoen aurkako sakabanaketa eta eta salbuespen politiken aurka datorren urtarrilaren 7an egingo den mobilizazioan gazteriari parte hartzera dei eginaz. Jarraian, helburu horrekin Ernai  eta Euskal Herriko beste gazte erakunde batzuekin batera sinatu dugun manifestua argitaratzen dugu.

 

Gaur hemen, Euskal Herrian arlo desberdinetan lanean gabiltzan gazteak bildu gara. Egunero prekarietatearen aurkako borrokatik, kulturgintzatik, mugimendu euskaltzaletik, feminismotik eta beste hainbat espazioetatik, herri honen eta euskal herriko gazteriaren bizitzen garapen aske eta duinerako ekarpena egiten dugun gazteak gara. Baina batez ere, herri honetan hazi eta hezi izan garen gazteak gara, herri honen
errealitate sozio politikoak, egiten gaituelarik. Munduko beste edozein herritan gertatuko litzatekeen bezala, errealitate honek, gure bizi garapena zeharkatzen du.

Baina, gure errealitateak badu beste zeinbait herrialdetatik desberdintzen gaituzten elementuak. Herri hau salbuespen egoera batean kokatzen dutena, alegia. Eta hain zuzen ere, horien inguruan zenbait gako mahai gaineratzeko bildu gara hemen.

Euskal Herriak hamarkada desberdinetan zehar bizi izan duen gatazka politiko armatuak, maila batean edo bestean, Euskal Herritar ororen bizitza baldintzatu du. Gatazka politiko armatua luzatu zen urte guztietan zehar, kalte zuzenak eragin zituen Euskal herritar ugarien bitzen gain, kalte hauek alde anitzetan eman zirelarik.

Alta, duela hamaika urte gatazka armatuaren bukaerak, ez zuen herri honetan erabateko bakea eta elkarbizitza ezarri. Hamarkada baten buruan, gatazka armatuaren ondorioak
konpondu gabeko auzi bat izaten jarraitzen dute. Erresoluzio ezak, gure egunerokotasuna baldintzatu eta Euskal Herritarron arteko eskubide mailaketa bat suposatzen du.

Hau horrela, azkenengo urteetan aurrera urratsak eman dira, hauek, gure belaunaldian, zein, Euskal gizartearen osotasunean itxaropena piztu dutelarik. Urte askotan zehar, bidean aurrera egiteko blokeo egoera hautsi da. Urrunketa politiken minimizazio bat, zein euskal herriratzeen areagotzea eman da. Aurrera urrats horietatik tiraka, orain kokatzen garen une historikora heldu gara, non dispertsio politikoren bukaeraren atarian gaudela esan dezakegun.

Esan bezala, itxaropenez bizitzen ari ditugu aurrera pausu guzti hauek. Urteetan zehar zabaldu eta kontsentsukoa bihurtu den dispertsioaren aurkako aldarria, bere helburua betetzetik inoiz baino gertuago kokatzen gara. Hala ere, badira bidea oztopatzeko baliatzen ari dituzten mekanismo desberdinak. Gradu erregresioak, audientzia nazionalaren esku-hartzea, zeinbait lobbyen erasoaldi judizialak, etab. Hauek guztiak, euskal gizartearen lanari esker lortzen ari garen gatazka armatuaren konponbidearentzako mehatxu zuzena suposatzen dute.

Belaunaldi bezala, momentu historiko honek eskatzen duen erantzukizuna gure gain hartzen dugula adierazi nahi dugu. Izan ere, gure belaunaldia izan da azkenengo 70 urteetan, Euskal Herrian gatazka armatua ezagutu ez duen lehenengo belaunaldia. Gatazka armaturik gabe, kontzientzia pertsonal zein politikoa garatu duen lehenengo belaunaldia, gatazka armaturik gabe harremantzen hasi den lehena, gatazka armaturik gabe hazi eta hezi den lehena. Horregatik, guretzat belaunaldi bezala anakroniko eta zentzugabea zaigu gatazkaren ondorioak konpondu gabeko auzi bat izatea, guk hauek bizitzen jarraitzea.

 

Gatazkaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldi izan nahi eta behar dugu. Eta hau dispertsioa eta salbuespen politiken bukaeratik pasatzen da noski. Baina hauek ez zaizkigu aski, konponbidea ere, etxerako bidea azkartzetik, gradu aldaketak bizkortzetik eta geroz eta preso zein iheslari gehiago kalean egotetik pasatzen da.

Bide honetan gazteok ezinbesteko funtzioa betetzen dugu. Imanak, elementuak hurbiltzeko gaitasuna eta indarra du, gazteok ere, gaitasun bera izan behar dugu. Euskal preso eta iheslariak gertuaraziz, etxera ekarriz. Eta horrela gatazka armatuaren konponbiderako aurrera urratsak ematen jarraitzea.

Erronka handia dugu aurretik, baina helburuak merezi du. Berdintasunean oinarrituta egongo den bakea eta elkarbizitza ditugu helburu, honek gatazka politiko armatuaren muinetara begiratzea eta konponbideak erdiestea eskatzen digularik. Gazteok, orain arte egin dugun bezala, euskal gizartearekin batera bide hori jorratzen jarraituko dugu. Euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria lortu arte. Horregatik, hurrengo urtarrilaren 7an Bilboko kaleak beteko ditugu eta gurekin batera Euskal Herriko gazteriaren osotasunari Bilbon egoteko deia luzatzen diogu. Urtarrilaren 7an gazteok Bilbora! Etxera bidea gertu!

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu