Gasteiz: Gazteriaren aurkako bortizkeria polizialari ez!
Euskal gazteria aurrera! Atxilotuak askatu!
Maiatzaren 18an, Ertzaintza oldarka sartu zen Gasteizko erdigunean eta bertan modu baketsuan bilduta zeuden gazteak era basatian erreprimitu zituen. Kolpeen, ukabilkaden, ostikoen, porrazoen eta torturen irudiek frankismoaren garai latzenak oroitarazi dizkigute. Baina oraingoan ez dira “Grisak” izan, Ertzaintza baizik, EAJren polizia. Ankerkeria honen helburua ehunka gaztek Ibon Esteban, Igarki Roble eta Aiala Zaldibar atxilotzea eragozteko eraikitako herri harresia haustea zen. Hiru gazte hauek Auzitegi Nazionalak kondenatu ditu Segi gazte erakunde abertzaleko kide izateagatik. Hauen delitu bakarra independentista den erakunde batean militatzea da; eta kondena PPk onartutako Mordaza Legearen aurrekari den salbuespen lege antidemokratikoen babesean gauzatu da.