Aski da, errepresiorik ez!

Pablo Haselen askatasuna eskatuz milaka gaztek egin dituzten mobilizazioek lurrikara politikoa eragin dute. Muturreko indarkeria poliziala (Iruñea, Bilbo, Bartzelona, Madril, Valentzia eta beste hiri batzuetan) ezkutatu egin da, urrundik datorren kriminalizazio kanpaina zaratatsu baten atzean. Sistemak eta bere alderdiek jomugaren erdigunean jarri dute gazteria, baztertuz, pobretuz, langabeziara eta prekarietatera kondenatuz eta etorkizuneko ikuspegia kenduz. Errepresioa da Pedro Sanchezek eskaintzen duen irtenbide bakarra, enegarren aldiz amore emanez faxistez leporaino dagoen estatu-aparatu baten aurrean.

Hedabide mediatikoek Brigada Politiko Sozialaren buletinak gogorarazten dituzten gerra parteak kaleratu dituzte: “antisistemak, independentistak, terroristak, biolentoak, gaizkileak... kaleei su ematen diete eta gure demokraziarekin amaitzen dute.” Egunero eta ordu guztietan telebista, irrati eta egunkarietan, gertatutakoaren irudi manipulatuaz bonbardatu gaituzte. Orain kriminalizazioaren txanda azken urteetan biziki indartsua izan den mugimendu feministari tokatzen zaio.

Justizia frankistak manifestazio naziak legeztatzen eta feministak debekatzen ditu

Kaleetan borrokatzen dugunon aurkako indarkeria polizial basatia eta justiziaren eta estatu-aparatu osoaren izaera frankista eskutik hartuta datoz berriro ere. PSOEren aginduei jarraituz, Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren bitartez, faxisten manifestazioak legeztatu dituzte, holokausto naziaren apologia eginez, osasun publikoaren edo etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioak debekatu dituzten bitartean.

Hori guztia pandemia ez zabaltzeko bete behar diren osasun-neurrien ondorio dela argudiatu dute. Argudio horrekin, debekatu egin dute Madrilen Libres y Combativas taldeak eta Ikasle Sindikatuak M8rako goizean antolatu dugun elkarretaratzea, egun horretan bertan deitu dugun ikasle-greba feministaren mobilizazioa alegia. Osasun ministroak adierazi duenez, "ez da manifestaziorik egin behar". Baina ikusitakoa ikusita, nork sinets ditzake gezur hain zabarrak? Ez kasualitatez, Diaz Ayusok, Almeidak eta haitzulo erreakzionario osoak txalotu dute hori. Badirudi ezkerreko manifestazioek bakarrik zabaltzen dutela birusa! Hau kasualitatea!

Argi dago osasun-neurriak bost axola zaizkiela. Goizero gainezka doan garraio publikoan, hezkuntza eta osasun publikoaren egoera larrian inolako inbertsiorik eta benetako neurririk gabe, langileak beren lanpostuetan, askotan, kutsatzea saihesteko babes-neurririk gabe… Enpresarien irabaziak bermatzeak bakarrik kezkatzen ditu! Hipokrisiak ez du mugarik.

Pandemiak 100.000 hildako inguru eragin ditu. Ezkutatu nahi dute heriotza horiek ekidin zitezkeela baliabideak osasun publikorako eta langileen familiak babesteko erabili izan balira, gu baikara hildako gehienak jarri ditugunak. Bere kezka, ordea, bestelakoa izan da: enpresa farmazeutikoen, osasun pribatuaren eta Estatu espainiarreko Gobernutik 200.000 milioi euro jaso dituzten enpresa handien irabaziak bermatzea. Bitartean ordea, pobrezia, langabezia eta prekarietatea gure auzoetan izurrite bailitzan hedatu da. Eta orain, axolagabe deitzen digute ukatzen dizkiguten eskubideen alde borrokatzera kalera irten nahi izateagatik! Onartezina da.

Covid 19ak gehien kolpatu gaitu

Azken urteotan martxoak 8 guztietan kaleak bete ditugun familia xumeetako emakumeak gara, hain zuzen ere, pandemia honen ondorio txarrenak modu berezian jasan ditugunak.

Lehenik eta behin, gaixotasunaren aurrean arrisku handiagoan egon gara, birusaren aurka lehen lerroan egiten diren lan gehienak hartzen baititugu: emakumeak gara osasun-arloko profesionalen %70,5, adinekoen egoitzetako langileen %80, gaixoen eta mendekotasun-egoeran daudenen etxez etxeko arretako langileak, garbiketako langileak eta abar. Baliabiderik gabe egin dugu, hainbat urteetan egin diren murrizketa eta pribatizazio politiken ondorioz, eta horrek gutako asko kutsatu izana ekarri du.

Bigarrenik, ERTE, kaleratze eta behartutako lanaldi-murrizketa gehienak jasa ditugu. Pandemia baino lehen ere gure prekarietate-egoera ikaragarria bazen, orain esponentzialki biderkatu da. Oxfamek jakinarazi duenez, pandemia hasi zenetik soldata baxuko langileen %64 emakumeak dira. Horren ondorioz, gutako askok gosearen ilaran amaitu dugu, inolako langabezia laguntzarik gabe kontratu gabeko enpleguetatik kaleratuak izateagatik edota prostituziora jaurtiak bizirauteko modu bakar gisa. Gure enpleguei eutsi diegunok, kasu askotan, gure lanaldia hirukoiztuz edo laukoiztuz egin dugu, benetako balentriak eginez irakasle, ama eta zaintzaile lanak egiteko.

Indarkeria matxistak ere gora egin du hilabete hauetan. Ezinezkoa da jakitea tratu txarrak jasanez, euren erasotzaileekin ihesbiderik gabe egunean 24 orduz itxita egon diren emakume guztien benetako zifra. Kalbario horren ondorioz, 016ra egindako deiak %60 igo ziren konfinamenduaren bigarren hilabetean, eta online kontsultak %586 igo ziren. Baina zifra horiek hilabete hauetan milaka emakumek bizi izan duten infernuaren zati txiki bat baino ez dute adierazten.

Nola ausartzen dira guri pandemia leporatzen? Denetarik egin dugu, denetik sufritu, eta orain badirudi egin ezin dugun gauza bakarra antolatu eta izugarrikeria honen aurka borrokatzea dela. Ezta pentsatu ere! Ez dugu onartzen!

Inoiz baino arrazoi gehiago dugu borrokatzeko! Ez gaituzte isilduko!

Pedro Sanchez "historiako gobernurik feministena" osatu duela esanaz ibili da harropuzkeriaz. Baina hitz horiek ez datoz bat ekintzekin. Eskuinera egin duen biratzea emakumearen eskubideen eremuan ez ezik, fronte guztietan eman da. Unidas Podemosekin koalizio gobernua osatzeko lortutako akordio guztiak apurtzen ari dira. Manifestazio faxistak legeztatzen dituzten bitartean gure mobilizazioak debekatzeaz gain, uko egiten diote lan-erreforma eta mozal legea indargabetzeari, etxebizitzarako eskubidea bermatzeari, hezkuntza eta osasun publikoan inbertitzeari. Kapitalistek egunero zapaltzeko erabiltzen dituzten mekanismo guztiak bere horretan jarraitzen dute.

PSOEk PPrekin zubiak berrezartzen ari den bitartean, eskuina gogor kolpatzen ari da. Manresako Manadaren moduko epai bidegabea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak "soilik bai da bai" legea boikotatzea onar ez dadin, Andaluzian guraso PINa ezartzeko eta M8 koronabirusaren biktimen eguna ezartzeko saiakerak. Ezin dugu onartu!

Unidos Podemosek ezin du horrelako politikak bermatzen eta ahalbidetzen dituen gobernu baten kide izaten jarraitu, ezkerra eta mugimendu sozialak erreprimitzen eta eskuin muturrari alfonbra gorria ezartzen. Oposizio sendoa egin beharko lukete, zapalduen alde jarri, eta egoera horrekin amaituko duen benetako politika ezkertiarren alternatiba defendatu kaleetan. Erreprimitzen eta esplotatzen gaituztenei baliabide publikoak oparitzearekin amaitu behar da.

Martxoaren 8 honetan, hitzordu garrantzitsua dugu kaleetan, argi uzteko ezertxok ere ez duela geldiaraziko kaleetan altxa dugun mugimendu indartsua. Soilik borrokatuz lor dezakegu askatasuna. Borroka hori da, hain zuzen ere, Emakume Aske eta Borrokalarietatik bultzatzen duguna, feminismo iraultzaile eta antikapitalistarena. Bat egin gurekin indarkeria matxistarik eta zapalkuntzarik gabeko bizitzaren alde egiteko!