78ko erregimenaren eta errepresioaren aurka: mobilizazioa eta masa borroka

Irailaren 14ean denak Bilbora!

PARTE HARTU KANPAINAN! KLIKATU HEMEN ETA SARTU ZURE DATUAK INPRIMAKIAN

2011ko urriaren 20an ETAk ekintza armatuaren alde bakarreko behin betiko amaiera iragarri zuen, lehenago 2010eko irailean su-etena iragarri ondoren. Horren aurrean, espainiar estatu aparatuaren erantzuna, PPren nahiz PSOEren gobernuen baitan, errepresioa areagotzea izan da, hori arma politiko gisa erabiliz. Zuzenean frankismotik datorren Estatu aparatu honen erantzun polizialak sortutako saminak euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio masiboak eragin ditu Euskal Herrian urtez urte. 11/13 sumarioak euskal langile klasearen eta gazteriaren mugimendua erasotzea eta kriminalizatzea du helburu.

Euskal presoak izan dira zigorra eta mendekua inposatzeko erabili den kolektiboa: bere horretan mantendu dira sakabanaketa eta kartzela politikak, NATOk berak jasotzen dituen oinarrizko giza eskubideak urratuz. Aldiz, errepresioak bere jo puntuan ezarri du egoera hau salatu duen mugimendua.

2013ko irailan, Guardia Zibilak Herriraren aurkako lehen sarekada egin zuen, 18 atxiloturekin -2012an sortu zen mugimendua euskal presoen eskubideak defendatzeko, ETAren amaieraren testuinguruan-. 2014ko urtarrilean, Bilboko Arantza Zuluetaren abokatu bulegoan zazpi pertsona atxilotu zituzten eta beste bat Iruñean. 2015eko urtarrilean, beste sarekada batean hamabi abokatu eta Herrirako beste lau kide atxilotu zituzten. Abokatuetako hiru Madrilgo hotel batean ziren, egun horretan bertan hasi behar zuen Ezker Abertzaleko 35 militanteren aurkako epaiketa prestatzen.

11/13 sumarioak 47 pertsona epaituko ditu, orotara 601 kartzela urteko eskaerari eta 350 mila eurotan kalkulatu diren gastuei aurre egin beharko dienak. Erakunde terroristan parte hartzea, terrorismoa finantzatzea edota gorazarre egitea egozten zaie. Akusatu gehienak Herrirako kideak dira. Presoen 13 abokatu ere prozesaturik daude, Jaiki Hadiko kideak (presoen osasun arretara bideraturiko mediku, psikologo, psikiatra, etab.ek osatua), senideen Etxerat erakundeko kideak eta EPPKren bitartekari gisa parte hartu zuten hainbat norbanako. Inputaturiko bederatzi bitartekariak publikoki agertu ziren prest 2012an EPPK gatazka armatuarekin amaieraren baitan gauzatu zuen barne eztabaidaren ondorioak instituzioei eta eragile sozialei helaraztera.

Estatuarentzat “dena da ETA” mobilizazioa kriminalizatzeko

Eloy Velasco epailea, 2014ko Herriraren manifestazioa galarazi zuen berbera, izango da Auzitegi Nazionalean epaiketaz arduratuko dena. Instrukzioak oinarri duen argumentazio estrafalarioak erabat agerian uzten du Estatu espainiarreko justizia aparatuaren benetako izaera eta helburua. Pertsona hauei egozten zaiena armak uzteko prozesuan ETAren agindupean aritzea da. Planteatzen du ETAk “jarduera terrorista” uztea erabaki zuenean “indar metaketaren” estrategiarekin ordezkatu zuela. Horren arabera, Ezker Abertzalearen estrategia berri bati egiten zaio erreferentzia, ‘prozesu demokratikoa’ deitzen zaiona eta helburua Euskal Herrian ahalik eta indar politiko eta sozial gehien biltzea da, nazio gisa aitortua izan dadin eta autodeterminazio eskubidea eskura dezan”. Hau da, pertsona horiek ETAren behin betiko amaieran laguntzeagatik izango dira epaituak, aparatu judizialak berak  onartzen duen moduan.

 “Dena ETA da” tesia da oraindik ere diktaduratik datorren Estatu aparatuaren akusaziorako arma gogokoena. ETAren su-eten, desarmatze eta desegitearen ondoren, tesi hori atzean uztetik urrun, dimentsio handiago bat eman dio gazteriaren eta langile klasearen errepresioa justifikatzeko, eta Euskal Herritik kanpora ere eraman du. Catalunyako herriaren eta CDRen aurka erabili dute, txiolarien, raperoen, sindikalisten, etab. aurka. Euskal Herrian Altsasuko gazteen muntaia polizial eta judiziala eta orain makro epaiketa honek argi erakusten dute ez dagoela atzera egiteko asmorik.

PP, Cs eta Voxen bloke atzerakoiak bere diskurtso frankistaren zati handia bideratzen jarraitzen du borroka antiterroristara eta erabateko “garaipen polizialera”. Hala ere, hauteskunde kanpainan Euskal Herrian egin zituzten mitin probokatzaileek ezin ezkuta dezakete hautestontzietan jaso duten porrot izugarria, ezta langile klaseak bere manipulazioaren aurrean sentitzen duen samina ere. Pedro Sanchezek eta Grande-Marlaskak ere argi utzi dute ez dutela atzera egiteko inolako asmorik eta ez dutela Rajoyren gobernuaren gorakada errepresiboaren funtsezko puntu bakar bati ere buelta emango. Horrela ikusi ahal izan dugu Catalunyaren kasuan, Altsasuko gazteekin, presoen sakabanaketarekin eta 11/13 sumarioarekin. Mozal Legea bera ere PPk diseinatu bezala mantentzeko asmoa dute. Azken batean, erabat kontziente dira errepresioak klase dominatzailearentzat berebiziko garrantzia duela areagotzen ari den mobilizazio sozialari eta 78ko erregimenaren kritikari aurre egiteko.

Zentzu honetan, EAJ ere talde beraren partaide da. Orain dela 30 urte presoen sakabanaketaren politiken bultzatzaile nagusia izan zen. Cabacas auziak ondo baino hobeto erakusten du egun nola funtzionatzen duen EAJk Euskadin sortu den aparatu errepresiboak. Ortuzarren komentarioak esaterako, Ezker Abertzaleko ekintzaleei “fachas vascos” deituz, ez dira gehiegi bereizten bloke atzerakoitik. Uda honetan, Eusko Jaurlaritza bera presoen ongi etorrien aurkako kanpainara batu da, AVTrengan babestuz bere burua, erregimenaren defendatzaile guztiak bezala.

Errepresioaren aurkako borroka sistemaren aurkako borroka da

Eskuinak eta PSOEko buruzagiek temati errepikatzen badute ere, ETAren amaieraren benetako kausa ez da garaipen poliziala izan. Faktore garrantzitsuena 2008ko krisitik aurrera izan den gazteriaren eta langile klasearen mobilizazioaren gorakada izan da. Euskal Herrian greba orokor masiboetan adierazi zen, esate baterako, mugimendu handiak egon ziren Estatu mailan eta Europan, bereziki garrantzitsua izan zen Latinoamerikako borroka iraultzailearen gorakada, eta orokorrean mundu guztiko mobilizazio sozialaren gorakada. Benetan usteldurik dagoen sistema kapitalista baten aurrean, masen borroka bihurtu da egoeraren protagonista eztabaidaezina.

2017ko udazkenean Catalunyako herriak burutu zuen altxamenduak ikasgai baliotsuak eskaintzen ditu. Poliziak eta Guardia Zibilak onartu behar izan dute garaituak izan zirela kaleko mobilizazio baketsuaren aurrean. Beraien inpotentzia begi bistakoa izan zen. Burgesia katalanak kapitalen ihesarekin mehatxatu zuen; burgesia europarrak, elkarturik, altxamendua zapuzteko kanpaina bati ekin zion eta erregimenak indar errepresiboak kontzentratu zituen. Horrek, argi erakusten du autodeterminazio eskubidea eta benetako subiranotasuna eskuratzeko bide bakarra klaseko programa iraultzaile bat dela, sistema kapitalista suntsitzea planteatuko duena.

Ezin bereiz daiteke errepresioaren aurkako borroka, zapalkuntza kapitalistaren aurkako borrokatik. Errepresioaren helburua mobilizazioarekin amaitzea da, eta ezkerrak errespetuz joka dezan 78ko erregimenak eta Konstituzioak ezarritako mugekin. Baina, egian esan, errepresioak agerian uzten duena  erregimenaren ahultasun ikaragarria besterik ez da, euren bake soziala inposatzeko duen ezintasun ikaragarria. Euskal Herrian langile klasearen eta gazteriaren mobilizazioa aurrera pauso garrantzitsuak ematen ari da. Indar horretan oinarritu behar dugu langile klasea batu eta sistema honek sortzen duen zapalkuntza ororekin amaitzeko.