Erregimenaren errepresioa garaitzeko modu bakarra kaleko borroka da!

Enlace al artículo en castellano

Martxoaren 24an Altsasu manifestazio erraldoi baten eszenatokia bihurtu zen. 7.500 biztanle dituen herri honetako ehundaka boluntario aritu ziren lanean jendetza ikaragarriaren harrera antolatzen. Hainbat pankarta eta informazio panel egin eta eskegi zituzten herrian zehar muntaia honen prozesu judizial eta errepresiboa azalduz, azpiegitura guztia antolatu zuten, aparkalekuak, informazio guneak, elkartasun puntuak, etab.

Bezperatik jada, hainbat autobus iritsi ziren Euskal Herri kanpotik. Bereziki esanguratsua izan zen katalanen parte hartzea. Manifestazioan zehar esteladek eta lazo horiek presentzia oso garrantzitsua izan zuten. Estatu mailako beste tokietatik ere hainbat autobus eta jende izan zen egun horretan mobilizazioan parte hartzeko prest, Madriletik, Aragoitik, Asturiasetik, etab. Zaila da kalkulatzen, gainezka egin zuen Altsasu hartan zenbat jende bildu zen guztira. El País egunkariak Gobernu Delegaritzaren kopuru irrigarria zabaldu du, 30 eta 50 mila inguru jende. Manifestazioaren antolatzaileek egun berean 60 mila izan zirela adierazi zuten. Bertan ginenok ikusi genuen nola 10etan jada manifestazioaren ibilbidea eta inguruko hainbat kale jendez gainezka zeuden, manifestazioa hasi eta ordu bete beranduago jendeak iristen jarraitzen zuen, eta herriko sarreran hainbat autobus eta kotxe iritsi ezinik geratu ziren ordu beteko kolan, manifestaziora zetozen jende andanarekin. Zalantzarik gabe, manifestazioa historikoa izan zen eta herriko biztanleen kopurua hamar aldiz edo gehiago biderkatzea lortu zuen.

Frankismo kiratsa darion epaiketa politiko bat

Manifestazio erraldoi hori eragin zuena, Auzitegi Nazionalak martxoaren 7an argitaratu zuen erabakia izan zen, Altsasuko gazteentzat 13 urte bitarteko kondenak berretsiz. Frankismotik zuzenean datorren aparatu judizial honek argi utzi du epai honekin bide errepresibo gogorrenean aurrera egiteko asmoa duela. Argi utzi du, beste behin, justiziaren inpartzialtasun eta proportzionaltasunaren inguruko hitzontzikeria guztia gezur handi bat besterik ez dela, hainbat prozesu judizialetan ikusi dugun bezala.

Otsailean egin ziren Auzitegi Nazionalean ekaineko epaiaren errekurtsoko saioak. Fiskaltzak tabernako liskar bateko gertaerak terrorismo delitu gisa kondenatzeko eskatzen jarraitzen zuen. Oraingoan epaitegiek onartu zituzten aurretik ukatu ziren zenbait froga eta testigu. Nahiz eta, berriro ere, muntaia bistakoa zela argi utzi zuten testiguen azalpenek eta frogek, azkenean interesatuak edo garrantzi gabeak zirela ebatzi zen. Erabakia jada hartuta zegoen.

Muntaia honen lehen egunetik modus operandi berbera gailendu da: aurrena tiro egin eta gero galdetu. Horrela jardun dute, bloke bakar bat bezala, Guardia Zibileko eta judikaturako goi instantziak, eskuineko alderdiek, COVITEk eta komunikabide kapitalistek. Gazteetako hiru aste gutxiren buruan atxilotu eta Madrilgo kartzeletara eraman zituzten, FIES erregimenean. Kasua hasieratik Auzitegi Nazionalera eraman zen, defentsari oinarrizko berme juridikoak ukatu zitzaizkion eta El Pais bezalako komunikabideek edota Rajoyk berak twitterrean lehen minututik kondenatu zituzten terrorista gisa.

Estatu aparatu eta eskuin frankista batera kolpatzen

Kasualitatea ala ez, epaia argitaratu baino egun bat lehenago, Eduardo Inda, Pablo Casado eta Ana Beltrán Altsasuko Koxka tabernan agertu ziren elkarrizketa baten aitzakian. Beste behin, probokazioak asmo argiak zituen. Hasteko, argi utzi nahi zuten muntaia honen bultzatzaileek inpunitate osoa dutela eta ukiezinak direla. Bigarrenik, gazteak askatzeko mobilizatu garen guztioi mezu argia eman nahi digute: “nahi duguna egin dezakegu, eta berdin du zer esaten duzuen, justizia frankista gure alde dago.”

Ez da lehen aldia eskuineko hedabideek epaia ofizialki argitaratua izan baino lehenago ezagutzen dutela. Oraingoan ere, gazteen senitartekoek salatu zuten epaia prentsaren bitartez ezagutu zutela. Hain zuzen ere, PPek, Cs-k eta Voxek behin eta berriz erabili dute muntaia hau beren borroka bandera gisa, eta hainbatetan joan dira Altsasura probokazioaren bila. Estatu aparatuarekin eta errepresio frankistarekin puzten dute beren paparra. Dena ETA da tesiarekin jarraitu nahi dute aurrera, kosta ahala kosta. Oso baliagarria izan zaie tesi hori erregimenaren aurkako protesta oro kriminalizatzeko eta mota guztietako lege errepresiboak aurrera eramateko; orain lege horiek Catalunyara eta estatu mailara zabaldu nahi dituzte. Baina errepresioa zabaltzeak, elkartasuna zabaltzea eta indartzea ere ekarri du.

Elkartasunak ez du mugarik. Borroka da bide bakarra

Ezker Iraultzaileari eginiko elkarrizketa batean Bel Pozuetak ongi zioen bezala, “Altsasuko kasuak elkartasun marea bat altxatzeko balio izan du, gizartea esnatzeko eta sistemari esateko: aski da, honaino.” Hori da hain zuzen ere, martxoaren 24ean Altsasun ikusi genuena, baita joan den urteko apirilaren 14ean eta ekainaren 16ean Iruñean eta hainbat mobilizazioetan Euskal Herri guztian. Milaka gazte eta langilek ulertu dute muntaia honek helburu politiko argia duela. Errepresioaren beldurraren bitartez isilarazi egin nahi gaituzte, protestarik ez egiteko.

Ezker Iraultzailetik, elkartasun kanpaina internazional bat jarri dugu martxan eta 700 sinadura inguru lortu ditugu, batez ere, ezkerreko ekintzaileenak eta sindikalistenak. Era berean, elkartasun ekintzak antolatu ditugu mundu osoan zehar, Estatu Batuetan, Taiwanen, Irlandan, Errusian, Suedian, Belgikan eta beste hainbat herrialdeetan. Kanpaina honen barruan, Dublingo udalak mozio bat onartu du eskakizun horrekin, eta Ikasle Sindikatua bezalako erakundeek elkartasuna estatu mailako gazteengana zabaldu dute, eta orain gutxi eginiko Ikasle Sindikatuaren kongresuan Altsasuko gazteen senitartekoek parte hartu zuten.

78ko erregimena alde guztietatik ari da zartatzen. Deriba autoritario honek erregimenaren ahultasuna besterik ez du erakusten, desesperaturik daude egoera kontrolpean mantentzeko. Baina milaka gazte, pentsionista eta langilek kaleak hartu dituzte aski dela esateko: bizi dugun egoera aldatu nahi dugu eta bidea sistema honen aurka borrokatzea da, beren ordezkari politikoen eta boteretsuen zerbitzura dagoen auzitegi frankisten aurka.

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu